Baionako gaztetxeak soilik urte bateko bizia du, erran nahi baitu bere biziaren hastapenean dela, hala espero dugu behintzat. Baina ZIZPA gaztetxearen oinarrian den antolakuntzak, jadanik 9 urte ditu !

Izan ere 2008ko irailean, hainbat gazte batzen hasi ginen irakurketa batekin ados ezarririk : Baionak gazte esparruan gabezi ugari zituen eta gazte bezala, botere publikoak itxoin gabe, antolatzeko beharra ikusten ginuen, justuki gazteriak behar zituen esparru eta tresnak sortzeko helburuarekin.

Duela ahantsu 9 urte beraz sortu ginuen Baionako Gazte Asanblada.

Gure lehen gaualdia, 2008ko urriaren 24ean burutu ginuen Patxokiren lokalean, izan ere Baionako karriketan atzematen ez zen giro bat eskeini nahi izan ginuen gazteriari. Hastapenetik arrakasta ukan zuen gure desmartxak eta urteetan zehar jakin izan dugu hainbat gazteren interesak hunkitzen eta izpiritu kritikoa pizten.

Adibide batzuk emaitearren, futbol txapelketak antolatu izan ditugu, mus lehiaketak, bideo emanaldiak, hitzaldiak, ihauteriak, bazkariak, haurrentzako jokoak, herri kirolak eta beste hainbat ekimen !

Azpimarratu nahi dugu ere hastapenetik entseatu girela Baionako besta alternatiboak eraikitzen, herritik herriarentzat eginiko bestak aldarrikatuz eta urtero praktikan emanez.

Gure ibilbidean betidanik aldarrikatu dugu Baionako Gazte Asanbladak kudeaturiko lokal bat behar ginuela eta hargatik gure lehen ekimenetik lema berdinarekin lan egin izan dugu : « Baionak gaztetxea behar du ! » Baina printzipio batekin argi beti, gaztetxea ez zen gure helburua baizik eta gure helburuak gauzatzeko ezinbesteko tresna !

Gaztetxea lortzeko bidean, herriko etxearekin kontaktuan ezarri ginen eta bilkura ugari burutu ere, baina okupazioaren bidearen eraginkortasunaz kontziente izanki eta instituzioak itxoiten egon gabe, 2007ko uztailaren 13an, Baionako epaitegi zaharra okupatu ginuen. Esperientzia bikaina izan zen eta gaztetxearen beharra agerian utzi ginuen berriz ere !

Okupazioari esker, gaztetxea fisikoki ukaiteaz gain herriko etxearekin akordio batera iritsi ginen eta akordio horren bitartez hasi ginen gaur egungo Baionako ZIZPA gaztetxearen negoziazioa burutzen.

Herrian eguneroko lana eginez, gure gizarte proiektua defendituz eta eraikiz, gazte esparru berriak sortuz eta herriko etxearekin lortutako akordio baten bitartez, 2015eko urtarrilaren 23an ideki ginuen hainbeste urtetan aldarrikatutako ZIZPA gaztetxea !

Gaur egun urte bateko ibilbidearekin kontent agertzen gira baina kontziente gira berdintasunean sustraitutako gizartea eraikitze bidean, badirela oiraino irabazteko batailak, baina gazte giren heinean eta ZIZPA gaztetxeak ematen digun indarra baliatuz, beldur gabe segituko dugu Baionako gazteriari beste mundu bat posiblea dela egiaztatzen eta eraikitzeko bideak proposatzen !

aktualitatea